XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraindik orain Mieltzo, ibili bazebilen bere bizikleta zaharrean tirriki-tarraka.

Orain txoil *txoil: zeharo, txit, erabat utzia dauka.

Adinez aurreratua, eta bizikleta utzita oinez nahi adina ibiltzeko esan omen dio sendagileak.

Izan ere, azken boladan bi egunetik behin egiten zuen zilipurdikaren bat.

Eta orain ez zen gaztetan bezala, erorita ere altxa eta anda demonio lehen baino askoz ere abiada biziagoan kaminoa jan beharrean hortzak estututa aurrera.

Ez, orain ez zen horrelakorik.

Orain, erori ere askoz errazago, eta erorita handik bost minutura, bultza eta bultza oraindik, lurrean kopetarekin zuloa egin beharrean.

Eta altxa, hori bai izaten zela azken aldera lan zail eta ezinezkoa.

Normalean bizikleta eta biak kateatuta gelditzen zirenez, bere horretantxe eramaten zuten etxera furgoneta batean sartuta, bizikletarekin bat eginda, bat bestearentzat jaioak bailiran.

Hori bai, zenik eta zartadarik handiena hartuta ere, buruko bixera ez zuen nolanahi galduko, ez.

Bera lurrean egon arren, bere bixera txuri horiztatuan primeran irakur ohi zitekeen, kopeta gainean tente asko jarrita, Tatxain letra gorri higatuz.

Gizona horrelaxe entretenitzen ordea.

Kolpeek ez zioten inolako mellarik egiten Mieltzori.

Hurrengo egunetan, ubelduak sendatu arte, bizikletaren matxurak konpontzen ariko zitzaizun.

Etxe azpiko garajeko tresneria guztia dantzan jarriko zuen, eta baita bizikleta berriro martxan jarri ere.